Jolastokia
Patioa eskola-ingurunean ikasteko eta erlazionatzeko espazioa da. Honen konfigurazioak eragin zuzena du ikasleengan. Jolas eta aisialdirako inguruneak, beraz, ikas-irakas agertoki dira hezkuntza eraikinetan, elkarbizitzarako espazio dira.
Haurtzaroan, erlazio afektibo-sozioalak garatzeko testuingurua da ikastola, eta bereziki patioa. Gure patioren konfigurazioa aztertuta, jolas arauaren arabera diseinatutako ingurunea da, futbolak duen garrantzia eta boterea espazioaren bidez adierazten delarik. Mutil-talde nagusienek patioaren erdigunea okupatu eta hartzen duten bitartean, gainotzekoak, gehienetan, neska edota txikiagoak direnak, ingurune txiki eta baztertuagoetan gelditzen dira. Hau dela eta, gure ikastoalan astean hainbat egunetan, baloia baztertuz, jolas txoko ezberdinak egiten ditugu beste mota bateko jolasak bultzatuz, material anitza erabiliz. Era honetan espazioaren banaketa eta okupazioa orekatu egiten da erlazio ezberdinak uztartuz.
Hau dela eta, gure ikastolan patio eraldaketarako proiektu zabal eta handi batean murgildu gara. Hezkidetza, sormena, jolas librea eta natura ikuspuntutik gauzatuko da eraldaketa hau. Ikas komunitate osoak parte hartuko du, irakasleek, ikasleek eta gurasoek. Guztiek iradokizunak egingo dituzte eta ideia hauek kontuan hartuko dira. Honen bitartez, jolasteko eta erlazionatzeko eredu berriak ezartzea lortuko dugu, patio estandarizatua deseginez eta erlazionatzeko modu ezberdinak bultzatuz.